Hainbat artisten laguntzaz eman zien harrera txistulariak Gasteizko jaiei.
Astelehen honetan, hilak 3, Gasteizko jaien bezperan, Iñaki Palaciosek Foruen Plazan aurkeztu du “Bizi den hotsa” ikuskizuna. 60 musikari eta dantzari baino gehiagoz osaturiko aurkezpen ikuskizuna izan zen astelehenekoa, gasteiztarraren txistu doinuak muinean izanik, beste maila batera eraman zituena.
60 artista baino gehiago taula gainean
Iñaki Palaciosek, haren zuzenekoetan lagun dituen musikariez gain, Migel Zeberiok sortutako Et Incarnatus Orkesta gipuzkoarra eta Arabako Abesbatza izan zituen kolaboratzaile ikuskizunean, baita Errenteriako DAB dantza garaikide taldea eta Amezti Dantza Taldea ere. Eszenaratzea beste hainbat musikariren agerpenekin osatu zen, zeinek interpretatu ziren 21 konposiziotatik bostetan eduki zuten esku hartzea; haien artean ETS-ko Iñigo Etxezarreta, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio idazlea, Alan Doherty flautista dublindarra eta Goiatz Dutto, Moonshine Wagoneko frontmana.
Betikoturiko ikuskizun bat
Foruen Plaza bete zuten milaka lagunek (7000 baino gehiago bildu izana kalkulatu zuen udalak) ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten zuzen zuzenean, baina bertaratzerik izan ez zutenek ere emanaldia ikusteko aukera izango dute; EITBk bideoz grabatu zutelako telebistan emititzeko, eta audioaren grabaketa ere egin zen, etorkizunean zuzeneko disko gisa kaleratzeko.
Gasteizko jai handiek merezi zuten hasiera eman zien Iñaki Palaciosen “Bizi den hotsa” ikuzkizunak.
Argazkiak: Gaizka Peñafiel














0 iruskinak