Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizunak gorazarre egin nahi dio 1990eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetakoari, Sorotan Bele taldeari, alegia. Sorotan Bele (Hondarribia, 1990 – 1996) taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen eta bilakatu ziren haietako andana kantu, kaleak eta jendeak arrapaladan single bihurtuak. Nahiz eta taldea desagertu, kantu asko betiko gelditu dira euskal musika eta kulturaren despentsan. Nork ez zituen abestu 1990eko hamarkadan Mikel Errazkin musikariak (1974 -2003) Sorotan Bele taldekoekin sortutako abesti itsaskorrak? “Arratsalde honetan”, “Mariñelaren zai”, “Zortzi orduko ekaitza”, “Sing-sing-ati-ko folk & rolla”, “Argiaren hiria”, “Atalaia”, “Mundu hegian” eta abar luze bat. Irlandako doinuak popa eta rockarekin nahasirik zetozen, eta hori izan zen Sorotan Bele taldearen musika ezaugarri nagusiena, ospakizun giroko hitzekin batera. Kantu haiek berriz ekarri nahi ditu proiektu honek baina euskarri berri batean, tokian tokiko musika bandekin kolaborazioan.




