Eider Saezek «Sorginkeria» aurkeztu du: sustraia, pop elektroniko dantzagarria eta botere intuitiboa batzen dituen lan kontzeptuala.
Eider Saez kantariak (Lazkao, Gipuzkoa, 1998) hirugarren disko luzea aurkeztu du: Sorginkeria. Proposamen sendo, ireki eta ausart honetan, artistak jauzi nabarmena egin du pop elektroniko eta urbanoaren eremura: sintetizadore ilun eta atmosferikoak, baxu sakonak eta erritmo dantzagarriak elkartu ditu, melodia zaindu eta itsaskorrak ardatz hartuta. Sustraia, espiritualtasuna eta gaur egungo soinua elkartzen dituen erritual garaikidea da lana, entzulea erakarri eta barne-indar horretara hurbiltzeko sortua.
Sorginkeria, zaintza eta transmisioa.
Diskoak kontzeptu sendo bat du ardatz: sorgina sortzen laguntzen duena da, eta baita mina moteltzen eta baretzen duena ere. Sorgin figurak emakume ahaldundu eta boteretsuak ekartzen ditu gogora: naturaren zikloak ulertzen zituztenak, sendatzeko ahalmena zutenak eta elkarri jakinduria zein intuizioa transmititzen ziotenak. Botere patriarkalak deabrututako figura hori berreskuratuz, Eiderrek bere inguruko emakumeen bidez (ama, amona…) ulertu eta aldarrikatu du sorginkeria; ez dogma edo magia ilun gisa, barne munduarekin, energiarekin eta ikusezina denarekin konektatzeko ahalmen bizi eta askatzaile moduan baizik.
Ekoizpena eta lantaldea
«Sorginkeria» 2025eko bigarren seihilekoan eta 2026an zehar grabatu da Fika (Gaua estudioan) eta Oiartzun artean. Iker Villak gidatu ditu ahotsen grabaketak eta ekoizpena Gaua estudioan. Bestalde, Txusok Oiartzungo estudioan ekoitzi ditu abestiak Eider Saezekin batera; bertan sortu eta grabatu dira osorik «Gauak sekretu bat dauka (interludioa)» eta «Ikusten duguna ez da dagoen guztia (outro)».
Kantu guztiak Eider Saezek sortuak dira; «Zurekin» abestia Mr. Lukenekin elkarlanean ondu du, eta «Gauak sekretu bat dauka (interludioa)» kantuaren hitzak eta melodia Mikel Tapiak sinatu ditu.





0 iruskinak