La Furia PROMO

Julie

Bi hizkuntza, ahots bakarra: Julie Baionan jaio eta Uztaritzen hazitako idazle, musikagile eta kantari gaztea da. Sonoritate ezti zein hunkigarridun pop unibertso pertsonalera garraiatzen gaituzte bere abestiek; frantsesez zein euskaraz idatziak, bere barne mundua abestitan zintzotasunez eta pasioz partekatzeko baliatzen ditu bi hizkuntzak, sustraiak eta emozio lurperatuak hain ongi azaleratzen dituztenak.

Bere lehen albuma «EKLORE» (frantsesezko “éclore”, loratu) lore bat bezala lehendabizikoz ireki eta norbera entregatu beharretik sortu zen, isilpean gordetako emozioak doinu egin eta musika bilakatuta plazaratu beharretik.

Gai pertsonalak zein unibertsalak uztartzen ditu bere musikan: desberdintasuna, askatasuna, sentiberatasuna, dolua, oroitzapenak …

Abesti bakoitzean benetakotasunez adierazten du sentitzen duena eta inolako artifiziorik gabe aurkezten da eszenatokian; publikoarekin lotura zintzoa sortzea bilatzen du, doinu gogoangarriekin entzuleak airean zintzilik uztea une batez.