Zilibito Records Oiartzunen jaio zen 2022ko irailaren 22an eta, denbora gutxian, euskal musikagintzan lekua hartzea lortu du. Talde arrunt bat baino, musikarekiko eta soinu-esperimentazioarekiko grina partekatzen duten lagun kolektiboa dira. Gainezka egiten duen energia eta benetakotasuna izan dituzte oinarri hasieratik publikoarekin konektatzeko. Gaztea Irratiko «Maketa Lehiaketa» irabazi zuten 2023an, eta egungo proposamen fresko eta originalenetako bat bihurtu dira geroztik.
Taldearen musika genero fusio aberatsa da, trap eta pop-punketik hiper-poperaino dijoana, pop, reggaetoi, elektrolatino eta funk brasildarraren eraginekin. Gazteak dira, ez dute moldeak hausteko beldurrik ezta estilo bakar bati lotzeko beharrik ere. Haien eskutan autotunea efektu soil izatetik, ahotsarekin jolasteko eta testura berriak aztertzeko tresna bilakatzen da. 2006an jaioak, Zilibito Recordseko kideak etengabeko aldaketarekin eta askatasun sortzailearekin hazten ari den belaunaldiaren bozeramaile bilakatu dira.





