Mar 11, 2025 | Single kaleraketa

Lagun batzuk itzuli dira. Itzuli dira festa guztietatik, batez ere besteek antolatutakoetatik. Itzuli dira parte izateko beharretik eta jan ostean botaka egitetik. Itzuli dira derrigorrezko erregimen heterosexualetik, eta bueltaka dabiltza beste guztiarekin.

Bakarrik bat, hain sakona eta hain hutsala. Eroa, pobrea, nola egongo da ba? Bere buruko ahotsak. Hain zuzena izateagatik eroegia. Poesiari helduta, baina bera ere, beste inor baino gehiago, haragia eta bulkada… “Todas las voces decían lo mismo, todas las paces sabían a riesgo, para una vez que se ponen de acuerdo te miro el pelo y me despisto”.

«Animales« Ultra diskoaren zazpigarren kantua da, La Furiaren azken lana (bere bosgarrena), Baga-Bigak argitaratua. Kantu labur eta bortitza, interpretazio askekoa eta espiritu askea duena. Idazten duenak guztia azaldu behar ez balu bezala; bere buruari hitz egingo balio bezala. Eta hor, limbo moduko horretan, La Furiak “bisexualak” eta “animaliak” esaten du, bata bestearen segidan, presaka, nahasmendu eta irekitze kontzeptu bat eraginez. Pentsatzen uzten dizu, denaz edo ezerrez, erritmoak bi minutu amaigabez arnasa eusten dizun bitartean.

Kantu honek ez du ezer eskatzen: ez abesten duenari, ez entzuten duenari.

“Nire lagunak bildu nahi nituen, bisexualitatearen eta/edo genero-binariotik kanpoko identitatearen aterkipean eroso sentitzen direnak. Elkarri aurpegia jarri, parte sentitu, identitate negu luze eta bakarti honetan babestu, distirak jarri eta arratsaldea festan bihurtu. Ez da festa: festa bihurtu zen. Elkartu ginen, prest gindoazen, festa sortu zen.”

La Furiak bere lagunetan jartzen du fokua, eta hori La Sinsorga espazio seguruaren barruan egiten du.

“Denak miresten ditut: aktibistak, idazleak, DJak, doulak, zerbitzariak, raperak, konpositoreak, telefonistak, aktoreak, ekoizleak, kazetariak, dantzariak… Bisexualak dira. Animaliak dira.”

JARRAITU BAGA BIGA-REN BLOGA IRAKURTZEN