Xabi Aburruzaga trikitilaria (Portugalete, 1978) 2009an hasi zen diskogintzan. 2019an bosgarren diskoari "Bost" izena eman dio (DND, 2019).
Umetan Rufino Arrola trikitilariarekin izandako lehen kontaktutik kutsatu zitzaion trikitiaren zaletasuna. Sormenerako erraztasuna dauka eta diskoak bikain atontzeko trebezia. Hamaika musikari laguntzaileren ekarpenekin dotoretu ditu lanak, eta "Bost" diskora hauek ekarri ditu: Yves Lambert Trio (La Bottine Souriante), Jorge Arribas eta Diego Galaz (Feten Feten), Anxo Lorenzo, Tanxugueiras, Calum Stewart, Argibel Euba, Iñigo Olazabal, Amaia Oreja, Mikel Markez, Jose Maria Santiago “Motriku”, Pilar Aresti. Testuetan Miren Amuriza, Iñaki Aurrekoetxea eta Unai Iturriagaren izenak aurkituko ditugu.
"Bost" diskoa euskal folkaren eta trikitiaren unibertsoari egindako ekarpen sendoa da. Lurra eta lurraldetasuna ageri dira kantuetako melodietan: Quebec, Mekoleta, Palentzia, Galizia, Palestina, Urdaibai, Irumugarrieta eta euskal diasporak. Sentimendu handiarekin uztartu ditu euskal folka kanpoko sen eta estimuluekin. "Bost" diskoa introspektiboa da mundura ateratzeko Xabi Aburruzagaren imajinario guztia osagai sinboliko eta kontzeptualekin.