HAIZEARROSA_azala-01.png

Ez dugu zor ezer

12,10€/u

REF. BBCD215

Haize-arrosa taldeak (Berriz, Bizkaia, 2022) musikaren denboraren orratzak gaurkotu ditu, horrek esan nahi du lehendik ere ibilitakoak direla musikaren zaldiko-maldikoan, gehien bat Ene Bada taldean aurreko mendeko 90eko hamarkadan. Eneritz Gorritxategi Lariz (trikitia eta ahotsa, Ene Bada, Kherau), Edurtzeta Ania Albizbeaskoetxea (perkusioak eta ahotsa, EneBada), Markos Murillo Gil (gitarra, Ene Bada eta MPB),David Vallejo Cantero (bateria, Ene Bada, Moonshiners, Alerta Metalcore), Peio Agirre Gimenez (baxua,Eta Zer!, Zer, Bad Limit, Storm). Musikaren kartografia diseinatu dute bueltarako, eta ez galtzeko itsaso zabal horretan haize-arrosa erabiliko dute kantu bakoitzari nortasun neuralgikoa bilatzeko, musika asmoak ekintzetara ekartzeko, feminismoa aldarrikatzeko. Haize-arrosa taldearen musika koloreak askotarikoak eta pluralak dira, baina ez dabil haize-orratzak markatzen duenaren arabera. Ongi hausnartutako erritmoak landu dituzte, eskarmentu handiko musikariak dira eta fakturatzen duten musikaren ibilbide-orria metatutako esperientziaren aterpean dago, askatasunetik ateratako erritmoak landu dituzte. Folk-rock,Irish-folk-rock, pop-rock, country-rock, elektro-pop-triki, world-fusion, balada, flamenkoa, mex, fandangoa, a capella, ambient... Kantu bakoitzak dauka bere “haize-arrosa”. Trikiaren soinuak markatu egiten du melodien zeruertza, hurbildutakoan beste zeruertzak aurkituz. Ahotsen arteko jokoak, gitarren indarrak, baxuaren txertaketa biribil bateriarekin. Gai pertsonalak kolektibizatu dituzte feminismoaren ikuspegitik. Bai, hausnarketa zintzo baten bidez, emakumea goraipatu nahi du Haize-arrosa taldeak. Are gehiago, Haize-arrosa taldearen abestien protagonista emakumea da, era guztietakoa; beraiengatik salatu, aldarrikatu eta abesten dute. Beraz, feminismoaren aldarria agertokitik eta diskoko kantuetatik. Haize-arrosaren “Ez dogu zor ezer” diskoa Aitor Ariñok grabatu du 2023ko irailean Berrizko Lorentzo Records estudioan. Hitzen egiletza zerrenda luzea da: Miren Amuriza (Senda-kanta), Onintza Enbeita (Tortolaraino, Ez dogu zor ezer), Eneko Abasolo “Abarkas” (Ihes), Miren Agur Meabe (Haize-arrosaren mezua, Gezurretan ala) eta Unai Iturriaga (Erdu nire ondora). Gainerako kantuen hitzak Eneritz Gorritxategirenak dira. Zuzenekoetarako testuen moldaketak Erika Lagomak egin ditu. Musikari laguntzaileak: Onintza Azkarate (biolina, Norbera), Francis Diez (ahotsa, Ez dogu zor ezer), Igor Arzuaga (pianoa, Norbera) eta Iker Lope de Bergara (whistle, Senda-kanta). Diseinuak Aritz Garcia egin ditu, argazkiak Idoia Otaduirenak dira eta logoa Xabi Gorostiagarena da.

  • HAIZE-ARROSA ( Folk, _Musika Taldeak, )