Hau da udazken honetan Baga-Bigak argitaratuko dituen diskoen zerrenda. Informazio gehiago, elkarrizketak, zuzenekoen kudeaketa... eskatu Baga-Bigan.

- LARREGI (Lemoa, Bizkaia, 2009) taldeak bigarren diskoa argitaratu zuen "Pantomima" izenburuarekin, pasadan urriaren 1ean. 2010ean egindako maketak Gaztea Maketa Lehiaketako "Entzuleen saria" irabazi zuen. 2012an "Bidea dugu helmuga" diskoa auto-ekoitzi zuten. 2014an Banden Lehia irabazteagatik datorkie bigarren diskoa. Rockaren alderdi indartsuenari eutsi dio Larregi taldeak. Pantomima diskoa Higain estudioan grabatu du Haritz Harreguy teknikariak.

- THE USKI´S  (Elantxobe-Ibarrangelu, Bizkaia, 2003) taldearen bosgarren lanari "The Uski´s"  izenburua jarri diote. The Uski´s taldeak erakutsi digu trebezia izugarria duela kantu errazak bezain erakargarriak egiteko. Hondartza zaleak baino sustraiak dituen rock aldera jo dute azken lanetan baina melodien koru finak ahaztu gabe. Irteera: urriaren 15a.

- ENKORE (Bilbo, Bizkaia, 2009) "E" du izena hirugarren lan luzeak. Ibilbidean hainbat lehiaketako sariak jaso dituzte (Gaztea irratiko epaimahaiaren saria 2010ean...). Rockaren melodietara itsatsita daramate euren musika nortasuna, eta dantzarako ere prestu daude. Uretara bota dituzte zentzurik gabeko gauak, musika eta bizitza abiapuntu eta helmuga bihurtzeko. Irteera: urriaren 28a.

- E.T.S., En Tol Sarmiento (Arabako Errioxa, 2005)  taldeak laugarren lana poltsikoan du. "Beldurrik ez" diskoa goitik behera euskarazko abestiek osatuko dute. Beldurra da bizitzaren galgarik nagusienetarikoa eta hori apurtzearen aldeko aldarria da disko berria, rock eta ska doinu alai eta festazaleak abestiz abesti. Irteera: azaroaren 11n.

- KORRONTZI (Mungia, Bizkaia, 2004) taldearen seigarren diskoaren izenburua  "Korrontzi Dantzan" da. 2008an hasi zen dantzak sartzen euren zuzenekoetan. Ordutik hona, hainbat dantzari ospetsuk egin dizkie koreografiak Korrontzi taldearen abestiei. Koreografia horiek batuko dituzte zuzeneko kontzertu batean. CD eta DVDa eramango ditu diskoak, didaktika ikuspuntua gehituta erakutsiko dituzte koreografiak. Irteera: azaroaren 18a.

- TXAPELPUNK (Lekeitio, 1999) taldeak zazpigarren diskoa argitaratuko du. "Punkaren semeak" diskoak sei abesti indartsu eta melodiko batuko ditu. Txapelpunk taldeak punkaren semeak direla aitortu du, burua altxatzeko abestiak, zuzenekoak jai eta errebolta bihurtzeko osagaiekin. Irteera: azaroaren 26an.

- REINCIDENTES (Sevilla, 1987) taldearen hemezortzigarren diskoak bi CD, DVDa eta 200 orriko liburua izango ditu. Hego Amerikako artista askoren laguntza jaso zuten Argentinan grabatutako zuzenekoaren DVD eta CDan. Hirugarren diskoan 6 abesti berri sartuko dira. Irteera: abenduaren 2a.